Zentral nuklearren aldeko iradokizunak
2010-09-01
Espainiako argindar-sektoreak 4.000 megawatt berri sortarazi beharko ditu urtero 2010etik 2030ra bitartean. Hauxe da, Crecimiento inteligente. El modelo eléctrico español 2030. Escenario y alternativas izenburupeko txostenaren ondorioetakoa.
PricewaterhouseCoopers-ek egindako azterketaren arabera, energia-zerbitzua bermatzeko, eragin ekonomikoari eusteko eta ingurumen-iraunkortasuna segurtatzeko 120.000 milioi euroren inbertsioak egin behar izango dira hurrengo hogei urteetan eta, beti ere, egun indarrean dauden teknologia-mota guztiez baliatu.
Energia-zerbitzua bermatzeko energia-iturri anitzak behar izango dira, eraginkortasun ekonomikoari eusteko ezin bestekoa izango da lehiakortasuna areagotzea eta ingurumen-iraunkortasuna segurtatzeko ondorio kaltegarriak murriztuko dira eta gizarte-baldintzak gogoan hartu.
Merkatuaren erradiografia egin ostean txostenak aditzera ematen duenez, gas-eskaintza handiegia da gaur egun, zenbait zentral termiko zaharkitu egin dira, hainbat konponketa eta geldialdi lar garestiak, energia fosilen hornidurak sendoa izaten jarraitzen du eta sektorea zain dago, berriz, noiz eztabaida nuklearrari helduko zaion. Bitartean prezioak Europako Batasunaren batez bestekoaren gainetik igo dira eta energia berriztagarriei ordaindutako primak 6.300 milioi euro izan dira azken urteotan.
Hurrengo hogei urteetarako oinarrizko lau eszenategi dira aztergai.
-- Lehen eszenategian, berriztagarriak %50 izango lirateke eta zentral nuklearrak itxi 2030 aurretik.
-- Bigarren eszenategian, berriztagarriak %50 eta zentral nuklearren bizitza luzatu 60 urte kunplitu arte.
-- Hirugarren eszenategian, berriztagarriak %30 eta zentral nuklearren bizitza luzatu 60 urte kunplitu arte.
-- Laugarren eszenategian, berriztagarriak %30, zentral nuklearren bizitza luzatu 60 urte kunplitu arte eta 2030 urtea baino lehenago hiru zentral nuklear berri eraiki, bakoitza 1.500 MWko.
Hainbat ondorio
Ikerketaren ondorioak laburbiltzekotan:
- Argindarraren gizarte-eskabidea nabarmen gehituko da eta sektoreak ahalegin ekonomiko eta industrial handia egin behar izango du egoki erantzun ahal izateko.
- Erantzun honek gaur egun ezagun diren teknologia eta energia-mota guztien beharra izango du.
- Energiak berriztagarrien partaidetza areagotu egingo da, Europar Batasunak ezarritako 20-20-20 helburua betetzen laguntzeko.
- Indarrean dauden zentral nuklearren bizitza 60 urte arte luzatuko balitz, 7.000 milioi euroren inbertsioa aurreztuko litzateke.
- Txostenak iradokitzen duenez, komenigarri omen litzateke zentral nuklear berririk eraiki ahal izana.
