« Itzuli albistegira

Boroak bost urte

2010-08-30

Bost urte Bizkaia Energiaren ziklo konbinatuak argindarra ekoizteari ekin ziola Boroan. Egun Euskal Autonomia Erkidegoko argindar-eskabidearen %15 ekoizten du, 150 lanpostu zuzen eragiten, 80 milioi euro fakturatzen eta 14 milioi ordaintzen Zornotzako udalari zein Bizkaiko Ogasunari.

Boroak bost urte

Bizkaia Energia, Zornotzan

Esan gabe doa era honetako egitasmoek protesta latzak sortarazi izaten dituztela baina ez da ordea batere sarri esaten protesta guztiak ekologiaren defentsan azaldu izaten diren arren hiru jatorri ezberdinekoak izan ohi direla funtsean: ingurumenaren izenean, interes partikularren defentsan eta arrazoi politikoen aitzakiaz.

Seguru ekologiaren defentsa dela arrazoietako bat eta, zalantzarik ez gero, garbienetakoa zein zilegienetakoa. Beste kontu bat da erabili ohi diren sistemak egokienak ote diren, aipatu izaten diren datuak zuzenenak edota ingurumenak –beste edozein arlok bezala— ez ote duen gizarte aurreratuetan nork defenditu. Baina, zer gerta ere, talde ekologisten eskubidea euren iritzia azaltzeko ez dago ezelan ere auzitan jartzerik.

Auzi-mauzi hauetan iteres partikularren eskuartzea ere ez dago zalantzan, ezta edozein hiritarren eskubidea eta zilegitasuna ere bere interes partikularra defenditzeko. Salagarria da, ordea, ekologia eta ingurumenaren aterpean nork bere interes zuzenak defenditu nahi izana, aurrean bizi delako, lurrak dituelako edo interes orokorra bost axola zaiolako. NIMBY (ez nere osteko larrainean) deitu efektua mendebaldeko gizarte guztietan ematen da eta euskal gizartea ez da inondik ere salbuespena.

Azkenez baina ez hutsalenez, ezin gero baztertu erabilpen politikoa. Ez dut esangura ingurumenaz ezin denik hainbat iritzi ezberdin izan, ezta ingurumena ezin denik joko, aukera eta jokabide politiko ezberdinez defenditu ere. Batere espanturik gabe esangura dudana zera da, zenbait ingurumen-jarrera gehiago dagokiola unean uneko estrategiari barne-ideologiari baino. Alegia, zenbait kontrako jokamolde ez dela indarrean jartzen gehiengoz hartutako erabakiak berez txarrak, kaltegarriak edo onartezinak direlako, kontrako posizioak markatzeko eta protesta-giroa suspertzeko baino. Alderdi guzti-guztiek aldatzen dute euren jarrera tokian tokiko egoera politikoaren arabera. Ez diot hau zilegi ez denik, ezkutatezina dela baizik.