Repsol-ek AlgaEnergy konpainiaren %20 erosi
2010-08-05
Repsol -ek mikroalgen ikerkuntzan aitzindaria den AlgaEnergy konpainiaren %20 erosi du. Hitzarmenari esker bigarren belaunaldiko bioerregaiak ekoizteko mikroalgak erabiltzeari loturiko Repsol-en ikerketa ildoak osatu eta indartuko dira.
AlgaEnergy konpainiaren %20ko partaidetzaren erosketa hau Josu Jon Imazen zuzendaritzapeko Repsol Nuevas Energías arloaren bidez hezurmamitu da. Sozietateak %10 kapital zabalkuntzaren bidez erosi du eta beste %10 konpainiaren bazkide sortzaile Augusto Rodríguez-Villari zuzenean erosi dio. Repsol-ek partaidetza aktiboa izango du konpainian bazkide teknologiko gisa eta Administrazio Kontseiluan bi ordezkari izango ditu.
AlgaEnergy konpainiaren kapitalean sartzean, Repsol-ek arlo honetan gauzatzen duen I+G+B estrategia bizkortu eta dibertsifikatuko da.
Partaidetza horri esker, Repsol oinarri teknologikoa eta kalitate zientifiko handia duen proiektuan arituko da lanean. Proiektuaren bidez, mikroalgetatik eratorritako hainbat produktu hautatu, hobetu, landu eta merkaturatuko dira, CO2 bildu eta finkatzea barne, eta bioerregaiak ekoizteko lehengaiak lortuko dira. Horrekin batera, Repsol-ek arlo bereko beste ikerketa ildo batzuk gauzatzen jarraituko du.
